Nazioarteko Espazioko Geltokia Euskal Herriko zeruan

Azken aldian Nazioarteko Espazioko Geltokia gainetik igarotzen den bakoitzean ikustera afizionatu naiz. Noski, ezinezkoa da beti ikustea, gehienetan eguraldiak uzten ez duelako eta bestetan inguruko gizakiekin zaindu behar den interakzioak zaildu egiten duelako. Baina tira, esan bezala ahal dudanean zerura begira egoten naiz.

Ondoren ikusiko duzuen bideoa 2013ko urriaren 26an grabatutakoa da, mugikorra eskuan, herriko txokorik ilunenean. Ikuspegia zirraragarria izan zen, geltokiaren distirarengatik alde batetik, iraun zuen denborarengatik bestetik eta bakardadeak sortzen duen giroarengatik. Bideoa zoritxarrez ez da nahi bezain ona (kamara nonbait ez da nire begiak+garuna bezain sentikorra), baina zuekin partekatu nahi nuen hala eta guztiz ere. Goza dezazuela.


Ahal duzuenean ISS-a pasatzen ikustea gomendatzen dizuet. Hartarako badago hainbat tresna, interneten bidezkoak (Heavens Above, NASA) bai eta telefono adimentsuen bidezkoak ere (ISS Detector esaterako). Azken hau izugarria da, edonon zaudela zeruan zehazki nondik pasako den erakusten dizulako.

Comments

Popular Posts